XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Familia ttipitzen ari

Familia haundiak baziren lehenago.

Gero ta gutiago orain, hori bakoitzak badaki.

Gaurko egunean egiten diren ixtudio guziek ere ez dute besterik salatzen.

Hirugarren haurra dute galdatzen geroaz griñatzen diren inkestalari guziek.

Handik goitiko mentura aldiz ttipitzen ari da azkarki.

Laugarren bat duten familiak kondatzen direlarik aldiz, inkestek erakusten dute ehuneko 42 ez ttipitu direla laugarren haurdun familiak Frantzian.

Oraino aise gehiago ttipitu dira (% 66 ez) sei haurdun familiak.

Eta bederatzi haurdun familiak berriz ehuneko 82, heldu baita ixtante erditaratuak izanen direla halako familian haundiak.

Funtsean familia haundiak (haiek baitira lau haur bederen dauzkatenak 16 urtez pekoak) erditaratuak dira zenbait urtez (1982-tik hunat).

Beheititze horren arrazoina familietan beretan dela lehenik, ez da dudarik.

Oraino 1959 an hirugarren haur baten pentsamendua bederen bazuten ehunetarik 60 senar emaztek bigarrenaren ondotik; aldiz ehunetarik 40 senar emaztek bakarrik 1974 an.

Halaber, laugarren bat izan zezaketen 1960 an ehunetarik 55 senar emaztek hirugarrenaren ondotik; aldiz ehuneko 30 ek bakarrik 1975 an.

Ezkontzen gutitzea ere sortzeen beheititze horren arrazoinetan ezartzekoa ditake hain segur, eta horrek oraino horrek ere beheiti araz detzazke hain segur familia haundiak, hola segituz.

Berdin ere berant ezkontzea, eta halaber dibortzaren emendatzea.

Hau ere erran behar da: Frantziarat kanpotik etorri familietan direla maiz familia haundiak.

Hona hemen frogak: 1975 an ehunetarik 17 estranjerak ziren Frantzian familia haundidun burasoak; 1982 an aldiz ehunetarik 30.

Alta ez da estranjer familia gehiago Frantzian; bakarrik frantses familietan beretan dira haurrak gutitu eta besteetan hain bertsuan egon.

Ofizioari behatzen bada aldiz, laborari familietan da beti haur gehiena.

Langile familietan gutiago, eta nausi edo kadre familietan gutiena.

Baina hauk nonbrez ere gutiago dira.

Bestalde, familia haundiago eta ama etxean egoileago, alabaina.

Halere sei haur dituzten ametan bada hamarretarik bat, etxetik kanpo lan egiten duena.

Aldiz hiru emaztetarik biga kanpoko lanean sari dira haur bakarra dutenetan.

Beti bezala, laborien emazteak dira gehienik lanean ari, lantegietako kadreenak gutienik.

Halere ez da baserrian hirian baino gehiago familia haundi (bietan ehunetarik 2,6).

Jakin behar da ere etxea berea dutela frantses familia haundietan erdiak baino gehiagok; aldiz estranjer familia haundietan seietarik batek bakarrik.

HLM horietan bizi diren familia haundiak, erdiak estranjerak dira.

Abantailen eta laguntzen aldetik ikusten badira gauzak iduri du ez direla familia haundiak aski lagunduak: bereziki langabeziak jotzen dituelarik, gehiago senditzen dute.

Maizenean ere bizi xuhurragoa heldu zaie eta egoitzak xuhurregiak dituzte.

Jakin.